|
|
|
Musika
prestakuntza. Gaitariaren musika prestakuntza egoki aztertu beharreko gaia dela iruditzen zaigu. Jakin badakigu gaitari batzuk musikaren mundura gaitari esker hurbildu direla. Beste batzuk, ordea, lehendik jasotako musika irakaspenak osatzeko-edo sartu dira gaitaren munduan, beste musika-tresna batzuk jotzen ikasi eta gero. Hortaz, gaitaren munduan nola sartu den, halako gaitaria izanen dugu, dudarik gabe. Gauzak horrela, bi gaitari mota ditugu: “berezko” gaitaria eta gaitari teknikoa, nolabait definitzearren. Berezko gaitaria da musika gaitaren bidez ezagutu duena, eta horri esker, ikuspegi zabala irekitzen zaio begien aurrean. Gaitaren alorrera jakinminez hurbiltzen den gaitari teknikoaren kasuan, berriz, ikasketa hori ez da barreneko ezinegonaren ondorio edo jatorria, izan ere, gaita beste instrumentu batzuen parean ikusten du. Eguneroko ogia ateratzeko beste tresna bat da. Horregatik guztiagatik, gaitaren munduan sartzeko moduak erabat baldintzatzen ditu jotzeko estiloa, interpretazioa eta soinua. Azken finean, pasioa berehala islatzen baita, eta horixe bera gertatzen da gaita eta gaitariekin. |
|
|
|
|
|
| Gaur egun, haatik,
instrumentua jotzen ikasteko bideak zabalxeagoak dira. Hala ere, -eta
hau nire iritzia besterik ez da- eskola batzuetan erabiltzen den ikasbidea
maisu klasikoek erakutsitako molde zahar eta gogoangarrietatik sobera
urruntzen dela iruditzen zaigu.
|
||
|
||
|
Nafarroako gaitari-tipoa nolakoa izan den zehazteko azterketarik ez badugu ere, haiekiko harremanei esker esan dezakegu, belaunaldiz belaunaldi, gaitari profesionalen prestakuntza kultural eta musikala eta musikarekiko interesa gero eta handiagoa izan dela. |
|
Gaitariaren bilakaera artistikoa. Nafarroako gaitari buruzko atalean adierazi bezala, urteen poderioz, gaitaren inguruko alderdi guztiak sofistikatu egin dira. Antzeko zerbait gertatu da jolearekin, gaitariarekin, alegia. Aldaketa handia izan du historian zehar. Nafarroako gaitaria, hastapenetan, bakarrik ibili ohi zen, danborjolearekin batera, gehienez ere. Herri musikak ez zuen apaingarri handirik behar: gaita eta gaitaria, besterik ez. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan gaitaren hots bakarra entzuten zen. XIX. mendean, garai hartako musikan gertaturiko bilakaerarekin batera (hala herri musikan, nola musika kultuan), gaitaria harmonia doinuak eta piezetarako laguntza bilatzen hasten da. Orain sortzen dira, gaur arte ohikoak izan diren lehenbiziko gaitari-bikoteak (bikote berezia benetan, hiru lagun behar baititu: melodia jotzen duen gaitaria, bigarren ahotsa eta danborjolea, oinarri erritmikoa daramana). Horrela eraturik, gaitariek eta gaitak ia denetarik jo izan dute. Badakigu XIX. mendean hainbat musika bandarekin batera jo zutela (Lizarran eta Iruñean, Lizarrako gaitariak eta militarren bandak elkarrekin aritu ziren); XX. mendean, bigarren erdialdetik aurrera batik bat, gaitak hainbat eta hainbat musika taldetan hartu du bere txokoa: txistulari bandak, fanfarreak, jota-kantarien taldeak, folk taldeak, etab. |
|
Milurte honen azkeneko urteetan gaitari profesionalek jorratu duten biderik berriztatzaileena Berpizkunde garaiko beste instrumentu batzuekin batera aritzeko egindako ahalegina izan da, bajoia eta “chirimía” izenekoekin esate baterako, tonu eskala guztiak hartu nahian. Ahalegin horren helburua Berpizkunde garaiko mihi bikoitzeko ohiko laukotea berreskuratzea izan da. Oraingoan ere, Lizarrako gaitariak izan dira integrazio bide horretan aitzindari.
|
|
|
Lehenengo gaita Bigarren gaita Chirimia kontraltoa Bajoia Perkusioa |
|
|
Gaitariaren bilakaera estetikoa. Gaitariaren estetika bilakatu baino gehiago, aldatu egin da. XX. mendearen ia erdialdera arte, gaitariak kaleko arropa janzten zuen, agian festetakoa, igandeetakoa. Mende honetako 30. urteetako hamarkadan gaitariaren lana ofizializatzen da eta janzkera berezi bat eskatzen zaio, garai hartako bandako musikariek janzten zutena bezalakoa. Hortaz, Udalen aginduz ezartzen da gaitarien uniformea eta, horrekin batera, gaitariak funtzionario izaera bereganatu zuen. Honetan ere, Lizarrako Udala izan zen aurrena. Gaur egun, uniformerik erabiliena hauxe da: traje urdin iluna, ator txuria eta gorbata eta txapel gorria. |
|
|
|
Emakume
gaitariak. Zorionez, musikaren eremu honek ere ateak ireki dizkio emakumeari, beste instrumentu batzuek egin duten bezala. Horrenbestez, gaitak gizonezkoen eremu mugatua izateari utzi dio. Izan ere, emakumea adorez sartu da herri musikaren eremuan eta hori onuragarria izanen da gure instrumentuaren etorkizunari begira. |
E-mail: gaitanavarra@hotmail.com |
|
Orriaren egileak: Zarrakazteluko Gaitariak Rosa Villafranca eta Angel Mari Aldaia. Gaurkotzeko prozesuan. 2008ko otsaila. |