|
|
|
Gaita-egileak. Nafarroan gaita eta danborren egileez mintzatzen hasiz gero, mundu ilun bezain liluragarrian sartzen gara. Gaur egun, esku-langintza honi buruzko ikerketa xehe-xehea egin daiteke; orain dela hogeita hamar urte, berriz, ezinezkoa zen ia-ia, bai ikertzailearentzat, bai gaita-egilearentzat. Horrek denak bere azalpena du eta gaita eta danbor-egile zaharrek merezi dute azalpen hori, beren lanean segitu dugunon errespetua merezi duten bezalaxe. Gaita eta danborra, antzina, behar zituenak egiten zituen, nork beretzat. Horregatik beharrezkoa zen tresna horien fabrikazioaren gaineko sekretua gordetzea. Artisau-lana zen, kopiarako oso egokia. Horrexegatik gorde ohi zen, hain isilean, egiteko modua eta erabilitako materiala. Bada gaita-egileei buruzko datu jakingarri bat, oso adierazgarria. Beren gutunen izen-tokian honelaxe zioen kalitate, ospe eta profesionaltasunaren seinale: “Gaita-jole profesionalak, eta gaita, danbor, partxe eta lanbiderako behar den ororen egileak”. |
![]() |
|
|
Nork egiten zituen XVI, XVII eta XVIII. mendeetako gaita horiek? Nafarroan gaita-joleak herriz herri ibiltzen ziren, festaz festa, eta horretatik bizi ziren kasik. Gaita-jole horiek beren gaitak egiten zituztela esatea ez da zentzu gabeko gauza. Hala ere, XIX. mendearen azken aldian, salmenta-katalogoak ikusten ditugu, eta horietan dultzaina -halaxe deitzen zioten-, prezio egokian eros zitekeen. Musika tresna hauek saltzen zituzten dendak hiri haundietan zeuden eta propaganda nekez ailegatzen zen probintzietara. Horrek pentsarazten digu, gaita eta danborra, Nafarroan, gaita-joleak berak egiten zituela. |
|
Literaturan zenbait argibide ematen zaizkigu, zeinetan argi ikusten ahal baitugu gaita-jole nafarrek berek egiten zituztela gaitak. Eskulangileak ziren, adibidez, XIX. mendearen bukaerako Lizarrako gaita-joleak. Aipu horietan azaltzen dute nolako zehaztasunez egiten zuten lan, eta nolako pazientzia zuten, eta horretaz gain, nolako emaitza bikaina zuen lan horrek, garai hartako musika “kultua” jotzeko ere balio baitzuten gaita horiek.
Desberdintasunak gaita egiteko prozesuan. Pita eta gaitaren fabrikazioan aldaketak izan dira mende hasieratik hona. Desberdintasun haundiena eskulangileek erabilitako teknika da. Gaitak egiteko, gaita-jole zaharrek esku-barautsak erabiltzen zituzten barrenak husteko, eta balezta-tornuak kanpoaldea bukatzeko; gaur egun gaita-egileek ebaketa-materialeko barautsak eta tornu mekaniko berri-berriak erabiltzen dituzte. Gaitaren pita egiteko moduan desberdintasun haundiena kanabera hustutzeko teknikan datza. Antzina, ebaketa zuzena egiten zitzaion; orain, aldiz, kainaberaren berezko kurbatura errespetatzen duen ebaketa egiten da, soinuaren bolumena eta tinbrearen kalitatea hobetzeko. Erabilitako materialak ere lehengoak baino hobeak dira. Tudela, lehenago latorrizkoa edo letoizkoa zena, orain material nobleaz egiten da, zilarraz hain zuzen. Lehengo gaita-joleek pita gaitari lotzeko erabiltzen zuten iztuparen ordez gaur egun kortxo-xaflak jartzen dira. Bilakaera honen ondorioz Nafarroako gaitaren soinuaren tinbreak hobera egin du, egonkortasunean, orekan, bolumenean, garbitasunean eta aberastasunean.
|
![]() |
|
Gaitaren pitak egiteko prozesuaren aldiak.
Kanaberazko palak ebaki, tudelari lotu eta pitaren
palak leuntzea
.
![]() |
![]() |
|
Nafarroan mende bat duten gaitak ere badira. Jakin badakigu XIX. mendearen bukaera aldean garai hartako gaita-jole nabarmenetako bik beren gaitak egiten zituztela musika tradizionala jotzeko: Demetrio Romano eta Anselmo Elizaga, Lizarrakoak biak. Horien ondoren, gaitari asko eta asko izan dira gaita-egileak, gaita egiteko teknika hiltzen utzi ez dutenak.
|
|
|
Nafarroako gaita eta pita egiteko prozesuaren aldiak.
|
|