Julián Romano Ugarte (1.831-1.899).

1999. urtean, inoiz izan den gaitaririk onenaren heriotzaren mendeurrena ospatuko dugu. Julián Romano Ugarte Lizarrako semeaz ari gara.

XIX. mendean, hots, gaitari bikain hau bizi zen mendean, musikari ugari eman zituen Nafarroak. Zaila da historian zehar, toki jakin batean, aparteko artistak sortzeko baldintza egokienak batera azaltzea. Alabaina, horixe gertatu zen Nafarroan XIX. mendean.

Hilarión Eslava, Emilio Arrieta, Pablo Sarasate, Julián Gayarre edo Julián Romano, hau da, musikari nafar handienetakoak, aurreko mendekoak dira.

 

Baina, zer dela-eta sartu dugu gaitari horren izena, askorentzat ezezaguna, Nafarroako musika sortzaile onenen artean? Ordura arte instrumentu herrikoia eta independientea zena garai hartako edozein musika talderekin batera jotzeko moduan jarri zuelako; gaitaren errepertorioa handitu zuelako, kualitatiboki eta kuantitatiboki; musikari apartek egin ohi duten bezala, bere ondare musikala idatzita eta ordenatuta utzi zigulako. Horregatik guztiagatik, esan dezakegu Nafarroak eman dituen gaitarietatik Julián Romano musikari onena izan dela eta, orobat, XIX. mendeko Nafarroako musikaririk bikainetariko bat.

 

Julián Romano, ogibidez ardien ile-moztailea aita bezala, Lizarrako Espoz y Mina kalean jaio zen, 1831ko uztailaren 18an. Txikitako urteak abere eta musikaren artean eman zituen. Poliki-poliki musikarekiko grinak bere gogoa hartzen du, noraino eta bere burua gaitaritzat jo eta lanbide horri dagozkion udal zergak ordaindu arte. Julián Romano gaitari peto-petoa dugu, lanbidez eta bihotzez. Gaita bere bizitzaren ardatz nagusia izanen da.

Urteak aurrera, musika ikasketak sakontzen ditu. Kaperako soinularia izan zen, gaitarien maisu bikaina, herriko bandako zuzendaria, musikagilea, eta, horrez gainera, gaita eta hari-instrumentuetarako musika pieza asko eta asko moldatu zituen.

 

 

JULIAN ROMANOREN ESKUIZKRIBU. POLKA

XIX eta XX. mendeetan, Nafarroako gaitaz, Lizarrako gaitaz, hitz egin behar baldin badugu Julián Romano Ugarte aipatu behar dugu ezinbestean. Musikari honen lana eta bizipenak eta gaitaren beraren historia estu-estutik lotuta daude. Bera da instrumentu honek inoiz izan duen konpositorerik onena, bai Lizarran, bai, horrenbestez, gaitak Nafarroan hartzen duen eremu osoan.

 

Festa eta ospakizun zibil zein erlijiozkoetan jotzen hasi zenetik, berak ezarritako tradizioa gure artera iritsi da etenik gabe. Harrezkero, gerra garaiko urteetan izan ezik, mihi bikoitzeko instrumentu honek, herriko oboea deitua izan denak, hots, gure gaitak, adierazpide guztiak zabal-zabalik izan ditu Lizarran.

JULIAN ROMANOREN ESKUIZKRIBU. KALEJIRA

 

 

Baina Julián Romano Ugarteren meritua instrumentua mantentzeaz haratago doa. Urteek aurrera egin ahala, gaita eta danborra gero eta toki gehiagotan ikusiko ditugu. Julián Romanok gaitarentzako eremu berriak aurkitu zituen, ohiko prozesioetatik landara. Hari esker ditugu erraldoietako irteerak, herri-dantzak, gaita eta bandarako kontzertuak eta abar. Hari esker hasi zen zabaltzen Lizarrako gaitarien izen ona. Musikari aitzindaria, tradiziozko errepertorioa handitu eta berritu zuen; garai hartako musika pieza asko eta asko egokitu zituen gaitarekin jotzeko: polkak, mazurkak, baltseak, habanerak,...; musika klasikorako piezak ere idatzi zituen. Nafarroako gaitak edozein musika bandarekin batera jotzea lortu zuen, eta, are gehiago, baita kontzertuko bakarlari gisa ere. Aurrerapen hori, bere garaian, erabateko ustekabea izan zen.

Dena den, maisu honen ekarpenik garrantzitsuena bere ondare musikala eta pertsonala izan zen. Ondare musikalari dagokionez, esan gabe doa, 1899an hil zen geroztik, eguneroko jardunaren erreferentzia puntu nagusi eta ahaztezina izan dela Nafarroako gaitari guztiontzat.

Ondare pertsonalari dagokionez, Demetrio semearen izena aipatu beharra dugu. Aitak bikain erakutsia, haren lanaren jarraitzailea izan zen eta, horrenbestez, Nafarroako gaitaren historiaren beste mugarri ahaztezin bat bihurtu zaigu.

 

 

XX. mendea.

Romanotarren ondotik Lizarrak eman dituen gaitariek haien ondarea jaso eta instrumentua duintzeko lanari eusteko erantzukizunaren zama beren gain hartu behar izan dute.

XX. mendean, hainbat familia aipatu beharko genituzke gaita eta gaitarako musika mantendu eta sustatzeko egindako lanagatik: Elizagatarrak, Monterotarrak eta Pérez de Lazárragatarrak. Familia horietan hiru, lau eta are bost belaunalditan mantendu da gaitarien tradizioa. Haiei esker, duela 400 urtez gero Nafarroako festa eta ospakizunetan ia ezinbestekoa izan den instrumentuak bere nortasuna eta tokia mantendu ahal izan ditu.

ELIZAGA ANAIAK
MONTERO ANAIAK PEREZ DE LAZARRAGA ANAIAK

 

 

 

la gaitael tambor de gaitalos constructores de gaitasel gaiteroel repertorio de gaita navarradiscografía de gaita navarra NOVEDADES


E-mail: gaitanavarra@hotmail.com

Zarrakazteluko gaiteroak - Gaiteros de Carcastillo

Orriaren egileak: Zarrakazteluko Gaitariak Rosa Villafranca eta Angel Mari Aldaia. Gaurkotzeko prozesuan. 2008ko otsaila.